XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ez zen batere harritzekoa beraz, urtarrileko goiz hartan, goizeroko legera, ispiluaren aurrean bizarra mozten ari zela, Gillette aitzurraren xaflak ebaki bat egin izana, asun bat sartu izan baliote legez diagonalki aurpegian.

Odol hari fina ikusi zuen ispiluan, lepoan behera zetorkiola.

Ispiluak piztia arriskutsuak dira otu zitzaion orduan, ispilu alabastrotua bere zauriaren erruduna balitz legez, eta, odola kleenex batekin xukatu ostean, Crotalus Golf Prof lozioaz igurtzi zituen lepo-masailak.

Ezpainak mihiaz busti zituen.

Konketako iturritxoa irekita utzi zuen amiñi bat oraindik, ur beroak lurrun apur bat sortu eta ispiluaren erdialdea nola lausotzen zuen ikustea gustuko baitzuen.

Lurrun hori bera zen akaso ispilua, animalia hura, zauritzeko bide bakarra.

Kanpoan ez zebilen inor oraindik.

Goizeko sei t'erdiak ziren.

Ur irakinez bete zuen bainuontzia.

Biluztu, eta bertan murgildu zen, astiro-astiro, aparrak bainuontzitik ia gainezka egiten zuela.

Sorbaldako labezomorro tatuatuari so egin zion, eta aurreko egunean baino lepotik hurbilago zegoela iruditu zitzaion.

Ateak ixten ari zirela, denbora bukatzen.

Txuri-beltzezko telebista bainuontziaren aurrean jarria zuen eta atletismo froga bat ematen ari ziren Helsinkitik.

Bainugelako leiho ttipitik antzematen zuenez, inondik ere, hotz egiten zuen kanpoan.